2026. EDIZIOA

“Dantzatu. Ez utzi dantza egiteari musikak jotzen duen bitartean. […] Ez pentsatu zergatik egiten duzun. Ez luze pentsatu, ez bilatu esanahirik. […] Pentsatzen hasten bazara, zangoak gelditu egingo dira”, hausnartarazten digu Haruki Murakami idazle japoniarrak Dansu, dansu, dansu liburuan (euskaraz, Dantzatu, dantzatu, dantzatu). Dantzaldia 2026 – Bilbo-Bizkaiko Dantza Garaikidearen Nazioarteko XXVII. Jaialdiaren eskutik, Murakamik dantzatzeari ez uzteko egindako gonbidapena jaso nahi dugu, horri buelta bat emateko: dantzan jarraitzea, bai, baina pentsatzen jarraitzeko. Dantzatzea hausnartzeko, gure buruei galderak egiteko, gure errealitatea hobeto ikusteko. Dantzatzea, bai, baina begiak zabalik. Izan ere, ziurgabetasun garaiotan, gainditutzat jotzen genituen arrazoibideak berragertzen ari direnean eta etorkizuna iluntzeko itxura duenean, dantza egitea ezin da izan ihes egiteko modu bat; irauteko, erne egoteko eta mugitzen jarraitzeko modu bat izan behar du, Murakamik ere idatzi duen bezala, “gogortuta badagoena lasaitzen has dadin”.

Irailetik abendura bitartean, dantza garaikideak gure lurraldeko hainbat agertoki hartuko ditu. Eta oraingoan, inguratzen gaituenari begiratzera animatzeko egingo du. “A ojo” piezari begiratzeko, Carmen Fumerok eta Dácil Gonzálezek bezala, aurtengo edizioari hasiera emango dion ikuskizunari: mundua behatzeko arrail berriak bilatzeko eta begirada oro begiralearengandik abiatzen dela jabe gaitezen. Orainera begiratzea, hain zuzen, Magda eta Miguel F portugaldarrek “Não tenho terra nos sapatos” piezan proposatzen duten bezala, hedabideen manipulazioari, adimen artifizialari eta kapitalismo teknologikoaren kontraesanei aurre egitera bultzatzen gaituen orainera. Barrurantz begiratzea, gure beldurrak eta deabruak gure buruen aurrean jartzeko, Thomas Noone londrestarrak bere “Impostor” aztoragarrian egiten duen bezala. Ahaleginetan etsi gabe begiratzea, La Intrusa euskal konpainiak bezala, aurten hogeita hamar urteko jardunbidea eta erresistentzia ospatzen dituenak, “Este himno llevará la palabra euforia” ikuskizunaren eskutik.

Baina gaur eta hemen gure buruei begiratu ahal izateko, atzera begiratzen ere jakin behar da. Nondik gatozen eta gure sustraiak begien bistatik ez galtzea, Marco Floresek “Cante, guitarra y baile” piezan egiten duen bezala, cante jondoa eta klasikoa gure orainera ekarrita. Eta elkarri begiratzea, gertu ditugunengan ezagutzea gure buruak, taldetan dantzatzea eta egiaztatzea, aurten proposatzen dugun dantza komunitarioko tailerrean bezala, elkarrekin lor dezakegula, baina bakarrik ez. Aurreiritzirik gabe beste gorputz, identitate eta desio-modu batzuei begiratzea,“La carn” filmak gonbidatzen gaituen bezala: Interneten hazi den belaunaldi bateko dantzari queer gazte batek –Lluís Garau mallorcarrak– dantza eta bere gorputza online erakustea gure buruei intimitateari, bakardadeari eta besteekin harremanak izateko beharraz galdetzeko modu bihurtzen dituen.

Eta atzera, barrura eta ingurura begiratu ondoren, Dantzaldia 2026 aurrera begira amaitu nahi dugu. Horregatik, aurtengo jaialdia abenduaren 15ean itxiko da Bilboko Arte Eder Museo berritu eta handitu berrian, lehen izan denari uko egin gabe etorkizunera begira eraldatu den toki horretan. Bertan, hiru pieza labur, hiru begirada desberdin izango dira –Fabian Thomérenak, Euskaditik; Alejandro Moyarena, Madrildik, eta Federica Porello eta Daniel Clarerenak, Italiatik eta Kataluniatik– , dantzatzen eraiki dezakegun askotariko etorkizunaren erakusgarri.

Zinez eskertzen ditugu, aurten ere, erakundeen babesa, egoitzen eta erakunde laguntzaileen konplizitatea eta, bereziki, ikusleen begirada, horrek ematen baitio Dantzaldiari benetako zentzua duela mende laurden baino gehiagotik gaurdaino. Musika jotzen duen bitartean dantza egiteari ez uzteko eskatzen digu Murakamik bere liburuan. Ez dugu egingo. Baina ez diogu pentsatzeari, gure buruei galdetzeari eta begiratzeari ere utziko. Dantzan jarraitu behar dugulako. Begiak zabalik, orain, inoiz baino zabalago.

2025eko edizioaren bideoa